Aitortu behar dut ez zaidala erosoa gertatzen psikomotrizitateaz orokorrean hitz egitea, ez hainbeste hitz horrek beregan daramatzan helburu eta edukiengatik, baizik eta bere jarduera eremuak sor dezaketen zalantzagatik gehienbat.
Hezkuntza esparrura zuzentzen bagara, momentu honetan dagokigunera hain zuzen, Hezkuntza Psikomotrizaz hitz egin dezakegu. Baita ere, hitz desberdinak erabiliz, Gorputz Hezkuntzaz, Oinarrizko Hezkuntza Fisikoaz, Heziketa Motrizaz... Zientzilari, espezialista eta hezitzaile ugari bat datoz heziketako jakintza arlo honi dagozkion helburu eta edukiak aipatzerakoan, baina ez bere oinarri teoriko eta prozedurei dagokienean.
Zer ulertzen dugu gaur egun Hezkuntza Psikomotriza eta Gorputz Hezkuntza aipatzen ditugunean? Guretzat izakiaren garapen eta gaitasun motrizaren aprendizaian laguntzen duen eta helburu hezigarriak dituen jarduera fisikoa burutzean datza Gorputz Hezkuntza. Helburu hezigarri horiek gabe jarduera hori ezingo da jakintza arlo honen barruan kokatu.
Alde batetik, beharrezkoa da izakiaren gaitasun motrizak ahal den maila gorenean garatzea, eta bestetik, garrantzitsua da gaitasun horien saiakera eskatzen duen edozein egoeratan trebeak eta gai izateko errekurtsoak eskuratzen lagunduko diguten oinarrizko jarduera motriza desberdinen ikasketa. Hau dela eta, Gorputz Hezkuntzaren eginkizuna, izakiak beren gaitasun motrizen garapen gorena lortzea eta edozein egoeratan horiek aurrera eraman eta jarduteko gai izatea litzateke. Gorputz Hezkuntzaren eremua mugatzerakoan oso garrantzitsua da xede hezigarri hau azpimarratzea.
Izakiarengan mugimendua baliogarritasuna edo trebetasuna baino zerbait gehiago da; hain zuzen ere, bere izatearen isla, munduan izan eta egotearen berezko era. Higidura edo mugimendurik gabe, izakiak ezingo luke bizirik iraun, bere izatea ezinezkoa suertatuz. Izakiak eta higidurak binomio banaezina osatzen dute, non baten agerpenak bestearen izatea posibilitatzen duen. Izakiaren mugimendua batasun funtzionalaren isla bezala har daiteke, osotasunaren erantzun eratu bezala. Gorputzean gertatzen den edozein aldaketak mugimendua suposatzen du, giharre-sistemaren tentsio aldaketatik hasi eta zelulen aldaketa kimiko txikienetaraino.
50eko hamarkadan Henry Walon psikologo frantsesak jadanik azpimarratu zuen motrizitateak izakian zuen garrantzia: "Mugimendua, gauza guztien gainetik, psikismoaren lehen tresna eta adierazpen bakarra da". Izakiaren konplexutasuna kontuan hartuz, bere izakiaren esanahia ere konplexutasun horrek baldintzatua egongo da eta une bakoitzean desberdina izango da norberaren izaera eta ingurunearekin duen harremanaren arabera. Ikerlari askok aipatu dute ikuspegi ontogenetikotik mugimenduak duen garrantzia, baita lehen aipaturiko Walon bezalako psikologo famatuek eta Piagetek ere, guztiek pentsamenduaren aitzinean kokatu dutelarik. Beste zientzilari batzuk ere, adibidez Sokolov eta Anokhinek, garrantzi hori azpimarratzen dute zera esatean: "Pentsamendu bihurkorraren jaiotzak, araketa eta ikusmenezko behaketaren bidez, eskuaren (alderdi motorra) eta burmuinaren (alderdi psikikoa) arteko erlazioa adierazten du". Hau dela eta nahitaezkoa da pertsonaren globalitatetik abiatzea, mugimenduaren bidez bere portaeran nortasunaren adierazpen sakonenak aurkituz. Bizitzako lehen urteetan motrizitatea da ezaguera, adierazpen eta komunikazioaren ardatza; ondorioz, lortu nahi diren helburuak alde batetara utziz, edozein egoeratatik haurrarengana iristea zilegi egiten digun tresna.
Duela hamarkada gutxi arte mugimenduan oinarritutako Gorputz Hezkuntza batean, jarduera motrizak berezko helburu bilakatzen ziren. Gaur egun desberdina da; unitate psiko-fisikotik abiatu eta mugimendua izakiaren osotasunaren adierazpen bezala ulertzen da; mugimendu horrek bere jarrera, egoteko eta jokatzeko era adierazten ditu. Hau dela eta, Gorputz Hezkuntzaren helburu espezifikoa jokaera motriza izango da, hots, portaeraren izaera motriza. Beharrezkoa da ohiko Gorputz Hezkuntzan eskatzen zen
Ekintzaren motrizitatea eta
Adierazpen eta komunikazio motrizitatea uztartzen dituen ildo berritzailea jarraitzea.
Hezkuntza fisikoko gelan burutzen diren jarduerekin izakiaren garapeneko hiru arlo nagusitan eragin nahi dugu: eremu motore, kognitibo eta afektibo-erlazionalean. Lortu nahi diren aurrerapenak hiru eremu hauetan eragina izango dute. Baina, nola planteatu behar dira jarduerak benetan lehen aipaturiko arloetan eragina eduki dezaten? Momentu honetan agertzen dira motrizitatearen lorpenean eta garapenean erabiltzen diren eskuharmen hezigarri desberdinetatik abiatuz, proposamen baterakoi bat egiteko zailtasunak. Eskuhartzeko era ugari sostengatzen dituzten oinarri teoriko desberdinek xede bateragarria eduki beharko lukete, honela gorputz-garapen arloari dagozkion ezagutzak erraztu, aberastu eta indartzeko. Haur Hezkuntzan Heziketa Psikomotriza Gorputz Hezkuntzatik at balego bezala hitz egiten da; Lehen Hezkuntzan, berriz, alderantziz: Gorputz Hezkuntza da Heziketa Psikomotrizetik at ulertzen den arloa; eta honek guztiak suposatzen duen nahaste eta irizpide ezak, batetik laguntza eskaini nahi zaien ikasleei, eta bestetik, irakasleei kalte egiten die.
Haur Hezkuntzako Oinarrizko Curriculum Diseinuan agertzen den esaldi batek prozesu hezigarri guztian zehar irakasleen eskuhartzea bultzatu behar duten helburuak agertzen ditu: "Aprendizaia eta lorpen hauen guztien garrantzia ez datza bakarrik norberaren eta inguruaren dominioan eta trebetasun eta ezagueren lorpenean, haurrarengan gaitasun pertsonalaren sentimendua, hots, norberaren irudi positiboa osatzean ere bai noski. Jarduera desberdinak planteatzeko unean lehentasuna bere gaitasunen eraginkortasunean duen sinismenari, hauek egoki erabiltzeko konfiantzari eta beraien balioari eman behar zaie.
Lehen Hezkuntzako Gorputz Hezkuntza arloak gorputz-garapenean garrantzitsuenak diren alderdiak biltzen dituen eduki multzoak kontuan hartzen ditu. Bai Irudi eta pertzepzioaren multzoan agertzen diren gorputz eskemaren elementuak eta eraketa; bai trebetasunaren multzoan aipatzen diren gaitasun motore eta trebetasun oinarrizkoen garapena; baita ere
Adierazpen eta komunikazioaren multzoan kokaturiko mugimendu adierazkorren sorkuntza, imitazioa eta simulazioa; eta bukatzeko baaita Osasuna eta jolasak multzoa ere. Hauek guztiak arlo honetatik tratamendu egoki, oso, integral eta aberasgarria ahalbidetzen dute. Une hau Haur Hezkuntzan egindako lanaren jarraipena da eta Bigarren Hezkuntzan landuko denaren oinarria.
Benetan kezkatzen nauena Gorputz Hezkuntza edo Hezkuntza Psikomotrizari eskaintzen zaion denbora urriak motrizitatearen garapenean izan dezakeen eragina da. Askotan ikusi ohi dut Gorputz Hezkuntzako saio batek dituen 45 minuetatik, ikasle bakoitzak benetan bakarkako jarduera fisikorako 15 minutu baino gutxiago erabiltzen dituela; astean 30 minutu; hilean bi ordu; hau dela eta beharrezkoa da guraso eta ikastetxeetako arduradunei denbora horrekin ezer gutxi egin daitekeela ikusaraztea.
Behar-beharrezkoa da eskola eremuan Gorputz Hezkuntzaren trataera berplanteatzea, gaur egun eskolaz kanpo burutzen diren ekintzak (Kirol Hastapena, Gorputz adierazpena, Dantza e.a.) ordutegi barnean kokatuz, honek astean jarduera fisikoari bi ordu eranstea suposatuko lukeelarik. Honez gain, Gorputz Hezkuntzak familiaren barnean jasotzen duen trataera kontuan hartu behar da, non egunero denbora gutxi eskainiz (15-20 minutu) hobekuntza handiak lor daitezkeen. Norberaren gorputzaren maneiuarekin loturiko jarduera fisikoak errazten dituzten tresnen erabilpenarekin (sofak, besaulkien bizkarraldeak edo kojinak), oinarrizko gaitasunak lor daiteke : itzulipurdiak, alderantzizko oreka, zubia... Azkenik aisialdiko eremuan jarduera motrizei eskaintzen diegun denborak (bizikletan, jolasean...) gaitasun motrizen garapen gorena osatzen eta lortzen lagunduko du. Helburu hezigarriak dituzten jarduera hauek ere Gorputz Hezkuntzako Curriculumean kokatzen dira.
Informazio Iturria:
http://www.hikhasi.com/artikulua/1045